2019-10-01

AIZKORRI 1523mt (x2)

Aizkorri – Aratz parke naturala mendi hegaldietarako etxe ondoan daukagun beste altxor eder bat da.

Meteoaren iragarpenei erreparatuta, bazirudien egunean bertan Aizkorriko bi isuri aldeetara hegan egitea posible izango zela, horrela bada, San Adrian inguruetara  hurbildu ginen egunak zer zekarren ikustera.

Lehen hegaldian ipar haizea bazebilenez,  mendi-hegalean ibiltzeko aukera egon zen.
Hego isuriko hegaldia aldiz, laburra atera zen, hego mendebaleko haize leuna berandu sartu zen eta.

Hemen txango eta hegaldiaren nondik norakoak:






2019-09-19

GORBEIA 1482mt.


Gorbeia mendi tontorrak Araba eta Bizkaia artean muga egiten du eta bi herrialde horietako mendirik garaiena da.
Oraingo honetan lau mendi-hegalari elkartu ginen (Urtzi, Josu, Enaitz eta ni neu), Saldropo hezeguneko aparkalekutik tontorrera igo eta hegan bueltatzeko asmoz.
Oinezko ibilbideak 7 km inguru eta 900mt desnibel positibo ditu, eta bide ederra da.
Hegaldiari dagokionez, ebidente edo logikoena iparrera hegan egitea da, hau da, Bizkaia aldera, hego aldeko isuria asko etzaten baita. Baino nork daki... baldintza oso zehatzetan posible litzateke hego alderako hegaldia... agian.
Egun honetako nondik norakoari dagokionez, abiatzerakoan kezka nagusia Araba aldeko isurian zeuden trumoi laino sendoak ziren, baina... nola izaten diren gauzak, tontorrera iritsi ginenerako jada deseginda zeuden eta bitarte horretan gure bizkarraldean sortzen joan zen laino barra bilakatu zen kezka nagusia.
Arin ibili ginen dena estali aurretik eta, ozta-ozta bada ere, hegaldi ederra egitea posible izan zen.
 
 

2019-09-10

BERIAIN 1493mt (Hegoa)


Nafarroako Sakana eskualdeko tontor hau Euskal Herrian dagoen mendi estetikoenetako bat da zalantzarik gabe. Ihurbain (1420mt) tontorretik hasita luzatzen da mendizerra, itsasontzi erraldoi baten moduan, eta ipar zein hego aldeko mendi-magal luzeek hegaldirako oso aproposa egiten dute mendi hau.

Ipar magalean urte osoan egin daiteke hegan, baina hego magalean habi garaian (udaberrian), uztailera arte, ezin da hegan egin.

Arbizuko ekokanpinetik abietzen da txangoa.  Zortzi kilometro eta 1000mt desnibel ditugu tontorrera arte. Leku paregabea H&F erako!!




2019-09-03

ADARRA (819mt)

Gipuzkoako Buruntzaldean dago Adarra mendia, Urnieta eta Andoain artean. Igotzeko bide aukera asko ditu, baina ohikoena eta motzena Basabi auzotik ateratzen dena da. Kostatik hurbil dagoen mendia denez, arratsaldeetan kostako brisak baldintzatuko du hegaldia. Lurreratzeari dagokionez, Basabiko lurreratze eremua ez zitzaidan oso aproposa iruditu. Muinoz inguraturik dago eta haizea bixi dabilenean erraz errotorizatuko da leku hori. Altuerarekin joanez gero, hobe Xoxoka auzoko zelaien batean lur hartzea (beti bezala eta ahal bada, ganadua eta bazka luzea dagoen zelaiak ekidituz).



2019-08-26

JURRAMENDI (1045mt)


Nafarroan, Lizarra-aldean kokatuta dagoen  mendi bakarti hau, hegaldirako aukera izan daiteke Euskal Herriko erdi eta ipar isurian lainoak eta lanbroak uzten ez dutenean. 
Jurramenditik aireratzeko aukera gutxi daude eta ipar edo ipar-mend. haizearekin aireratzeko aukera hobea da hegoarekin baino.
Txango honetan, Iratxeko monastegitik  oinez tontorreratu ondoren, hegorantz aireratu behar izan nuen (haize leunaren norabideak horrela agintzen bait zuen), hegaldi lasaian, mahastiez inguraturik dagoen Iratxera bueltatuz. 




2019-06-17

Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa


Larrano parapente taldeak iaz Elorrion antolatu zuen txapelketaren lekukoa hartu du aurten BAIZA  parapente taldeak, eta ekainaren 29an Sakanan ospatuko den ‘Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa’ antolatuko du.

Txapelketan parte hartuko duten kirolariek oinezko ibilaldia eta parapente hegaldia uztartuko dituzte; beraz, pilotu bakoitzak erabili ahal izango dituen baliabide bakarrak bere oinak eta parapentea izango dira.

‘Hike & Fly’  probek esfortzua, estrategia eta hegaldi librea jorratzen dituzte.

Txapelketa Arbizuko ekokanpinetik abiatuko da eta parte hartuko duten kirolariek Beriain edo/ eta Baiza edo/eta Santa Marina tontorretara joan beharko dira oinez edo korrika eginez.
 
 
Tontorrera heldu ondoren, parapentea kokatu, aireratu eta Arbizuko kanpin inguruan kokatuko den gunean lurreratuko dira. Ondoren, korrika edo oinez sartu beharko dira inguruan egongo den helmugara.





2019-06-06

LARRUN (900mt)

Lapurdi - Nafarroa
Mendi ederra zein estetikoa.
Igoera aukera asko dituen mendia da. Ikusi mendikat larrun
Hegaldiak iparrera, ekhialdera eta hegora egiteko aukerak eskaintzen ditu.
Egun honetan hego haizea zegoenez, Bera herriko Lizuniaga mendatetik igo eta hegoruntz burutu nuen hegaldia.
Pena da tontor honek pairatzen duen turismo masifikazioa eta dirudienez larriagotu daitekeena, 2020rako dagoen egitasmoa burutzen badute./larrunezHunki/

 


2019-01-09

SALINGAIN - UZKUITI (Aralar)


Aralar bihotzean egindako txango eta hegaldiaren irudi zein tracka  hemen.
Asmoa Salingain (1322mt) tontorretik aireztatu eta Arritzaga bailaratik bueltatzea zen.
Bertan aireratu orduko haize fluxu laminar indartsuak ez ninduen aurrera egiten uzten eta hegaldia bertan behera utzi nuen  haizebeari (sotavento) ihesiz.
Uzkuitira (1332mt) igo eta bere bizkarretik egi nuen bigarren saiakera. Haizeak indarra galdua zuen apur bat eta azeleragailua sakatuz atera nintzen bailara honenetatik Larraitzko lurreratze gunerantz.
Negu hasiera honetan ere, urrez koloreztatutako Aralar beti bezain dotore.


Powered by Wikiloc