2020-07-28

Euskal Herriko III. oinez eta hegan txapelketa / Intzidentzia


Euskal Herriko III. Oinez eta Hegan Txapelketa pasa den larunbatean ospatu zen Aretxabaletan, eguraldi bikainak lagunduta. Antolakuntza benetan ona egin zuen Amillena taldeak, EAKFren babesarekin.

Proban egin beharreko ibilbidea hauxe zen:

Aretxabaletatik Kurutzebarrira oinez igo eta bertan sinatu; Kurutzebarritik hegan atera eta Orkatzategin lehen baliza airez puntuatu; handik Atxabaletan bigarren baliza airez ere puntuatu eta Urkulu urtegian lurreratu; parapentea bildu eta bertan sinatu ondoren, oinez Atxabaletan helmugaratu. Proba erakargarria paraje zoragarrian.


Probaren nondik norakoari dagokionez, Kurutzebarrin aurretik aireratu ginen ia gehienok “pintxatu” egin genuen eta atzetik zetozenak izan ziren podiumean lehenak. Horrek egiten ditu proba hauek erakargarri: abantaila izan daiteke aireratze gunera aurrena iristea, edo ez. Termikak noiz aktibatzen diren, non egon daitezkeen, zein hegaldi ibilbide aukeratu,.. hegan ondo egitea askotan oinez azkar iristea baina garrantzitsuagoa izan daiteke. Zorionak Gorka Tornos irabazleari eta podiuma osatu zuten Enaitz Eizagirre eta Jon Iriarte “Takolori”.

Goiena IRUDIAK
                             __________________________________________________


Nik intzidentzia txiki bat izan nuen airean, eta hor bukatu zen nire proba.

Intzidentzia hori zergatik gertatu zen, gaizki hartutako erabakiak eta ondo hartutakoak atalez atal  azalduko ditut:



1. Erabakia: Aire ibilbidea.
Aitor Oianguren zihoan probaren buru, eta ni haren atzetik. Orkatzategira  hurbiltzen ari zela, bere parapentea asko jaisten ari zela ikusten nuen, eta “honek ezingo dik baliza puntuatu” esan nion neure buruari. Beraz, egoera berean bukatu nahi ez banuen, ibilbidea aldatu beharra nuen. Hiru aukera ikusten nituen: atzera buelta eta altuera gehiago hartzen saiatu; bailarara ireki eta termikaren bat topatzen saiatu; eta, azkenik, aurrera eskubirago  jarraitu eta ekialdera orientaturik dagoen muino bat hartzen saiatu. Une oro jakitun nintzen haizea ekialdetik zetorrela, eta gune hori, gutxiago edo gehiago, haizebe edo “sotabentaturik” egongo zela. Baina hirugarren aukera hau probatzea erabaki nuen.



 2. Parapentearen maneiua:
Jakitun nintzen gune hori errotorizaturik egon zitekeela; hala ere, parapentea azeleraturik neraman topera eta, hori gutxi balitz, A bandak pixka bat “pikatuz” nindoan abiadura gehixeago irabazteko.  Lehen akatsa: leku ezegonkor batean ez da komeni parapentea tope azeleratuta eramatea, are eta gutxiago A bandak pikatuz joatea!! 
3. Intzidentzia airean: 
Arriskua bazegoen eta azkenean tolesdura gertatu zen. Irudiak aztertuz, tolesduraren sekuentzia horrela ikusten dut nik:
 a) Ezkerreko aldean TOLESDURA ASIMETRIKOA  gertatu da.
 

b) Irekitzera egiten du, baina oihala abailduz doanez, bigarrena jo du alde berean.
 



























 c) Tolesduren eraginez, parapenteak 270º biratu du.
 













d) Badirudi oihalak egonkortu nahi duela, baina bere onera etortze horretan, azken tolesdura txiki bat jo du, oraingoan eskuin aldean.

Eskuineko sokak kaskoan trabatu zitzaizkidan, eta berez frenu kolpe batzuekin askatu beharko luke tolesdurak, baina "gorbata" askaezina bihurtu zen.
 














4. Intzidentziaren bigarren zatia.
Hemen hasten da inzidentziaren unerik esanguratsuena.
Tolesdura oihalaren eskuineko aldean, "gorbata" moduan soketan trabatuta. Horrez gain, eskuineko suspenteak edo sokak kaskoan trabatuta.


Burua eskuineko soketan trabatuta + gorputzaren pisua eskuinaldean + tolesdura eskuin aldean + eskuineko eskua suspenteak libratu nahian eta ezkerreko eskua kaskoa soltatu nahian = parapentea espiralean edo autorrotazioan sartu zen.

Gorputza trabaturik egongo ez balitz, pisua oihalaren alde irekira bideratu eta ezkerreko frenuari gutxinaka eraginez espiraletik ateratzea egongo litzateke.


5. Paraka  
Soka edo suspente batzuk libratu nituen baina ez denak, eta lurraren gertutasuna ikusita paraka botatzea erabaki nuen. Autorrotazio inkontrolatuan eta lurretik gertu, ez izan zalantzarik eta paraka bota beti!!
Erorian nindoala ez zidan parapentea biltzeko astirik eman, are eta gutxiago "beamer 3"aren mandoak eskuratzeko. Erorketa tasari dagokionez, onargarria izan zela esan dezaket. Paraka (Beamer 3 rogalloa), nire hegaldi pisua baina %30 gehiago eramateko homologatua dago. Paraka handia izatearen alde ona da erorketa tasa baxua dela, eta alde txarra haize fuertea baldin badago, deriba luzeagoa izango dela.

6. Ondorioak:
 *Ahal bada ekidin sotabentoak.
 *Aire eremu nahasietan ez eraman parapentea topera azeleratuta (are gutxiago A bandak "pikatuz").
 *Ez erabili kasko ertzadun ezta ere kamara edo soporterik kasko gainean.
 *Intzidentzia serioa bada eta lurretik gertu bazaude, bota paraka beldurrik gabe!! 

Helburu didaktikoarekin egindako post bat da azaldutakoa.
Europako hainbat  aire federaziok kirol honetan izaten diren istripu zein intzidentziak ikertu eta   informazioa zein ondorioak datu base batean jasotzen dituzte.

2020-07-02

ARRANOAITZ 875mt (Oamendi-Arripillaeta)

Aizkorri parean, iparrerantz, hainbat tontorrez osaturiko mendi bizkar bat bada.  Arranoaitz 875mt da kordal honetako tontorrik garaiena. Goiz pasa abiatu ginen Hilario laguna eta biok mendi-bizkar honek hegaldirako eskaintzen dituen aukerak aztertzeko asmoz. Oamendi-Arripilleta tontor inguruetan brisa aktibatu zain egon ondoren aireratu ginen. Aireratze gune garbiak ditu eta orientazio egokiena ekialderakoa da.
Bertara oinez igotzeko hainbat aukera daude: Brinkolatik, Zegamatik, Zerain zein Seguratik... eta bide motzena Barbari auzotik.
Hegaldi laburra ateratzen bada, Barbari auzoan bertan lurreratzeko aukera ere badago. Aldiz, meteo baldintzak egokiak badira (IE-E haizeak eta egun termikoa) Aizkorri mendi zerrarekin bat  egin eta hegaldi politak atera daitezkeela iruditzen zait.
Aizkorriren itzalpean, mendi bizkar xume bezain dotorea.


2020-05-10

Euskal Herrian oinez&hegan (I)

Hemen Euskal Herriko mendietan egindako txango eta hegaldien (lehen) irudi bildumatxo bat.
Mendi tontor gehiagotatik hegan egin ahala joango gara bilduma osatzen, edo, bilduma aitzakia hartuta, joango gara mendi tontor gehiagotatik hegan egiten.
Aturritik Ebrora bitarteko mendi eta zeruak zain ditugu.

Sarrerako musika Juan Mari Beltarnena da eta bideoa janzten duen "Gavarnie" abestia Eneko Dorronsororena. Mila esker abestiengatik!

2020-01-09

BAITZA 1182mt (x2)

Nafarroako Sakana eskualdean dago Baitza, Baiza edo Maiza tontorra, Urbasako mendi zerran. Urbasako isuri honetako tontorrik garaiena da eta bertaratzeko hainbat aukera daude, Iturmendi, Bakaiku, Lizarraga herrietatik abiatuta, besteak beste.Txango eta hegaldietarako leku paregabea da Sakana eskualdea eta maiz ikusi ohi dira parapenteak bertako zeruetan. Aralarko San Migelekin batera, Baiza tontorretik gertu dagoen Santa Marina baselizatik aireratzen dira eskualde honetan parapente ia gehienak.
Lekuak hegaldirako duen garrantzia ikusita, aurrerago Santa Marinari buruzko “post” bat publikatu beharko dut.
Txango eta hegaldi hau egiteko, Lizarraga herritik abiatu nintzen Baizara ( ordu bat eta erdi tontorrera) bertatik aireratu, Iturmendin lur hartu eta berriro oinez Baizara ( bi ordu azpitik tontorrera). Bertatik aireratu eta Lizarragara, zirkulua itxiz.
Hegaldiei dagokienez, haize baldintzak xuabeak ziren eta hegaldiak ere lasaiak izan ziren, hori bai, Baizatik Iturmendi aldera joatea gehiago kostatzen da beste aldera baino, gehienetan haizeak hor kontra egiten baitu. Azpian txangoaren irudiak eta krokisa ;)




2019-10-01

AIZKORRI 1523mt (x2)

Aizkorri – Aratz parke naturala mendi hegaldietarako etxe ondoan daukagun beste altxor eder bat da.

Meteoaren iragarpenei erreparatuta, bazirudien egunean bertan Aizkorriko bi isuri aldeetara hegan egitea posible izango zela, horrela bada, San Adrian inguruetara  hurbildu ginen egunak zer zekarren ikustera.

Lehen hegaldian ipar haizea bazebilenez,  mendi-hegalean ibiltzeko aukera egon zen.
Hego isuriko hegaldia aldiz, laburra atera zen, hego mendebaleko haize leuna berandu sartu zen eta.

Hemen txango eta hegaldiaren nondik norakoak:






2019-09-19

GORBEIA 1482mt.


Gorbeia mendi tontorrak Araba eta Bizkaia artean muga egiten du eta bi herrialde horietako mendirik garaiena da.
Oraingo honetan lau mendi-hegalari elkartu ginen (Urtzi, Josu, Enaitz eta ni neu), Saldropo hezeguneko aparkalekutik tontorrera igo eta hegan bueltatzeko asmoz.
Oinezko ibilbideak 7 km inguru eta 900mt desnibel positibo ditu, eta bide ederra da.
Hegaldiari dagokionez, ebidente edo logikoena iparrera hegan egitea da, hau da, Bizkaia aldera, hego aldeko isuria asko etzaten baita. Baino nork daki... baldintza oso zehatzetan posible litzateke hego alderako hegaldia... agian.
Egun honetako nondik norakoari dagokionez, abiatzerakoan kezka nagusia Araba aldeko isurian zeuden trumoi laino sendoak ziren, baina... nola izaten diren gauzak, tontorrera iritsi ginenerako jada deseginda zeuden eta bitarte horretan gure bizkarraldean sortzen joan zen laino barra bilakatu zen kezka nagusia.
Arin ibili ginen dena estali aurretik eta, ozta-ozta bada ere, hegaldi ederra egitea posible izan zen.
 
 

2019-09-10

BERIAIN 1493mt (Hegoa)


Nafarroako Sakana eskualdeko tontor hau Euskal Herrian dagoen mendi estetikoenetako bat da zalantzarik gabe. Ihurbain (1420mt) tontorretik hasita luzatzen da mendizerra, itsasontzi erraldoi baten moduan, eta ipar zein hego aldeko mendi-magal luzeek hegaldirako oso aproposa egiten dute mendi hau.

Ipar magalean urte osoan egin daiteke hegan, baina hego magalean habi garaian (udaberrian), uztailera arte, ezin da hegan egin.

Arbizuko ekokanpinetik abietzen da txangoa.  Zortzi kilometro eta 1000mt desnibel ditugu tontorrera arte. Leku paregabea H&F erako!!




2019-09-03

ADARRA (819mt)

Gipuzkoako Buruntzaldean dago Adarra mendia, Urnieta eta Andoain artean. Igotzeko bide aukera asko ditu, baina ohikoena eta motzena Basabi auzotik ateratzen dena da. Kostatik hurbil dagoen mendia denez, arratsaldeetan kostako brisak baldintzatuko du hegaldia. Lurreratzeari dagokionez, Basabiko lurreratze eremua ez zitzaidan oso aproposa iruditu. Muinoz inguraturik dago eta haizea bixi dabilenean erraz errotorizatuko da leku hori. Altuerarekin joanez gero, hobe Xoxoka auzoko zelaien batean lur hartzea (beti bezala eta ahal bada, ganadua eta bazka luzea dagoen zelaiak ekidituz).



2019-08-26

JURRAMENDI (1045mt)


Nafarroan, Lizarra-aldean kokatuta dagoen  mendi bakarti hau, hegaldirako aukera izan daiteke Euskal Herriko erdi eta ipar isurian lainoak eta lanbroak uzten ez dutenean. 
Jurramenditik aireratzeko aukera gutxi daude eta ipar edo ipar-mend. haizearekin aireratzeko aukera hobea da hegoarekin baino.
Txango honetan, Iratxeko monastegitik  oinez tontorreratu ondoren, hegorantz aireratu behar izan nuen (haize leunaren norabideak horrela agintzen bait zuen), hegaldi lasaian, mahastiez inguraturik dagoen Iratxera bueltatuz. 




2019-06-17

Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa


Larrano parapente taldeak iaz Elorrion antolatu zuen txapelketaren lekukoa hartu du aurten BAIZA  parapente taldeak, eta ekainaren 29an Sakanan ospatuko den ‘Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa’ antolatuko du.

Txapelketan parte hartuko duten kirolariek oinezko ibilaldia eta parapente hegaldia uztartuko dituzte; beraz, pilotu bakoitzak erabili ahal izango dituen baliabide bakarrak bere oinak eta parapentea izango dira.

‘Hike & Fly’  probek esfortzua, estrategia eta hegaldi librea jorratzen dituzte.

Txapelketa Arbizuko ekokanpinetik abiatuko da eta parte hartuko duten kirolariek Beriain edo/ eta Baiza edo/eta Santa Marina tontorretara joan beharko dira oinez edo korrika eginez.
 
 
Tontorrera heldu ondoren, parapentea kokatu, aireratu eta Arbizuko kanpin inguruan kokatuko den gunean lurreratuko dira. Ondoren, korrika edo oinez sartu beharko dira inguruan egongo den helmugara.





2019-06-06

LARRUN (900mt)

Lapurdi - Nafarroa
Mendi ederra zein estetikoa.
Igoera aukera asko dituen mendia da. Ikusi mendikat larrun
Hegaldiak iparrera, ekhialdera eta hegora egiteko aukerak eskaintzen ditu.
Egun honetan hego haizea zegoenez, Bera herriko Lizuniaga mendatetik igo eta hegoruntz burutu nuen hegaldia.
Pena da tontor honek pairatzen duen turismo masifikazioa eta dirudienez larriagotu daitekeena, 2020rako dagoen egitasmoa burutzen badute./larrunezHunki/

 


2019-01-09

SALINGAIN - UZKUITI (Aralar)


Aralar bihotzean egindako txango eta hegaldiaren irudi zein tracka  hemen.
Asmoa Salingain (1322mt) tontorretik aireztatu eta Arritzaga bailaratik bueltatzea zen.
Bertan aireratu orduko haize fluxu laminar indartsuak ez ninduen aurrera egiten uzten eta hegaldia bertan behera utzi nuen  haizebeari (sotavento) ihesiz.
Uzkuitira (1332mt) igo eta bere bizkarretik egi nuen bigarren saiakera. Haizeak indarra galdua zuen apur bat eta azeleragailua sakatuz atera nintzen bailara honenetatik Larraitzko lurreratze gunerantz.
Negu hasiera honetan ere, urrez koloreztatutako Aralar beti bezain dotore.


Powered by Wikiloc

2018-11-06

SAKANAKO BI HANDI


Sakana eskualdeak aukera paregabeak eskaintzen ditu H&F edo mendi hegaldietarako eta maiz ikus daitezke parapenteak bertako zeruan.
Oraingo honetan, Sakanako hiru handi kateatzeko asmotan abiatu nintzen Arbizuko eko-kanpinetik,  Aralarko San Migel, Beriain-San Donato eta Baiza tontorrak hain zuzen ere. San Migel eta Beriain kateatu ondoren irteera puntuan lur hartzea erabaki nuen, Urbasa aldean trumoi laino eta ekaitza sortzen ari bai zen. Beraz, Arbizuko kanpinean amaitu nuen txangoa eta Sakanako hiru handiak behar zuena bi handitan geratu zen. Hirurak kateatzea beste batean
beharko.
Oinezko distantzia bi tontor hauek lotzeko (hegaldietakoa kontutan hartu gabe)  19km  +2100mt ateratzen dira. Hiru tontorrak kateatuz gero, gutxienez 26Km eta +2700mt desnibel positibo. 
Animatu erronkarekin lagunok!!
 

2018-10-07

URDUÑA - Txarlazo (933mt)


Gorobel parapente taldeak antolatutako Urduñako 3. parapente kontzentrazioa aitzaki hartuta hurbildu ginen Tertanga herrixkara mendi-buelta eta hegaldia egiteko asmoz.
Tertangatik Txarlazo (933mt.) tontorrera igo eta Gorobel mendizerran zehar Urduñako portuko aireratze gunera hurbildu ginen oinez, bertatik hegan ateratzeko.
Aukera bikainak eskaintzen ditu Gorobel mendi zerrak H&Ferako. Hegaldirako baldintza onak izan genituen eta nola ez… giro paregabea lurreratu ondoren Gorobel parapente taldeak antolatutako festatxoan. 
Inguru honi buruzko informazio landua topatuko duzue GOROBEL PARAPENTE TALDEA ren web orrian. 
Hemen eguneko bideotxoa:



2018-09-04

Genevilla – Joar (1417mt)


Lizarrako merindadearen, Arabako mugatik gertu eta Kodes mendilerroaren azpian dago kokaturik Genevilla. Herri gainean, 950mt.tara, parapenteak aireratzeko gune txukun bat dago.
Genevillatik aireratze gunera zuzenean oinez igotzeko bide bat atondu dute (tracka ikusi).
Haizea harro xamar zebilen eta indarra jaitsi bitartean nik txangoa Joar tontorreraino luzatu nuen.
Oinez zein hegaldirako baldintza ederrak eskaintzeen ditu bailara eta mendilerro honek.
Bakoitzak egin dezala bere aukera.

2018-08-23

Chamonix - Planpraz


Alpeetako bidaian, Chamonix bailaran geundenez  eta goiz-erdi bat libre nuela aprobetxatuz, bertako aireratze gune ohikoenera Planprazera igo nintzen oinez, hegalditxoa egin eta lekuaren aukerak arakatzeko asmoz.
Uda partean  parapente asko aireratzen da gune honetatik. Chamonixetik 1000mt. desnibela dago bertara eta teleferikoz ere igo daiteke.
Chamonixek hegaldirako aukera asko eskaintzen ditu baina uda partean bi hilabetez ezin da Mont Blanc aldeko aurpegian hegaldirik egin. Dirudienez bailararen alde hori erabiltzen dute helikopteroek beraien hegaldietarako (erreskate, refugio hornidura, turisten bidaiak…). Pena da, alde horretako parajeak ikusgarriak dira eta. Horrez gain, beste hainbat natur babesgune ere badaude eta komeni da aurrez informatzea non, nola eta noiz hegan egin daiteken.
Goizeko hegaldia burutu nuen nik eta han utzi nituen auskalo ze altueratan arrano pare bat. Mattin eta Iñigok egun batzuk bazeramaten bertan hegan eta hegaldi  bikainak ari ziren burutzen. Bejon degiela!!
Hemen hegaldi leku honen bideotxoa:

2018-06-19

AGAOTZ (974mt)


AGAOTZ- SASTARRI
Ataungo Urkillaga (500mt) mendatetik abiatu eta Sastarriko tontorrera eta kobara ibilalditxoa egin  ondoren,  Agaotz (974mt) menditik abiatu nintzen hegan berriro Urkillaga mendatera.
Haizea hegotik suabe goran eta Urkillaga mendatean jada iparra sartuta zegoen.
Baldintza horietan, lur-arraseko hegaldia beraz.
Hegaldirako nolako parajeak diren eta ze baldintzak dauden ikusteko gogoa nuen.
Txango polita Ataungo paraje eder hauetan.

2018-03-22

GANBO 1413mt (II)

Piztia gehienak hibernazioan.
Kolonizazioak utzitako azken arrastoak elurpean.
Animalia domestikorik gabe.
Aralar, bake bakean, negu hotzean ere eder.

Larraitzetik habiatzen da txangoa Ganbo tontorrera arte. Bueltako hegaldia kasu honetan Txindokiko bizkarretik Muitzetik burutu nuen, horretarako Arritzaga eta Muitze arteko lepoa (ozta-ozta) gurutzatuz.


Powered by Wikiloc

2017-12-13

%100 TXINDOKI (1346mt)

Larrunarri edo Txindoki  mendia gogoko dut. Agian Euskal Herriko mendi esanguratsuen artean etxetik gertuen daukadan mendia delako. Baina ez hori bakarrik, Larraitzetik abiatu eta 900mt desnibel positibo daude tontorrera, uffaaa!
Asteburuetan eguraldi onarekin mendi masifikatua izan daiteke, baina bakardadean lasai igotzeko aukerak badaude, besteak beste, Muitze aldeko bidetxotik igota. 
Mendebaldeko ertz zoragarriaz gain, eskaladarako zailtasun askotariko bide ederrak daude, hego paretan gehientsuenak http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/txindoki.html. Eta ez hori bakarrik, mendiko hegaldiak egiteko ere aukera paregabeak eskaintzen ditu Larrunarri-Txindokik. 
Bere forma piramidalak, hainbat norabidetan aireratzeko aukerak ematen ditu. 
Dena dela, aireratze gune erabiliena Egurral lepo gaineko malda izan ohi da.
Lurreratzeari dagokionez, ohikoena  Larraitz auzoan lurreratzea da. 
Honen inguruan, ahal bada ez lurreratu belarra luze dagoen zelaietan ezta ere ganadua dagoen barrutietan ;)

Txindokiko hainbat igoera eta hegaldietan hartutako irudiez osatutako bideoa hemen.  
Ea gustuko duzuen.

Powered by Wikiloc

2017-10-25

Udazkeneko bainua (Ordizia)

Bazkari on bat postrerik gabe ez omen da bazkari osoa. Hegaldi honi postrea ez zitzaion falta izan.
Hego haizea indarra hartzen joan zen hegaldian zehar. Lurreratze gunea nahiko errotorizaturik zegoen eta  hori gutxi balitz, futbol partida hasi berria zen zelaian.
Horrelakoetan erabakiak arin hartu behar dira… eta B plana igerilekuaren zelaitxoan lurreratzea izan zen. Lurreratze nahiko teknikoa. Beno azkenean lurreratzea baino “urreratzea” gertatu zen.
Nolako haize baldintzak zeuden ikusirik, balekoa jokaldia.
Barkamena Majori kiroldegiari igerilekua modu honetan erabiltzeagatik ;)




2017-09-05

ANBOTO (1331mt)

Atxondo bailarako Arrazola auzotik hasten da txangoa. Oinez ekialdeko pareten azpitik igoz eta jeitsieran ipar aldera Anbotoko sakonerantz aireratuz. Paraje ederrak Atxondo bailaran topa ditzazkegunak.

Gune honetako ingurumenari dagokionez ohartxo bat.
Anbotoko I eta IE hormetan ezin da eskalatu urtarrilaren 1etk abuztuaren 31era.
Anbotoko E horman ezin da eskalatu urtarrilaren 1etk irailaren 15era.


Powered by Wikiloc

2017-07-25

KODES: Joar (1416mt) + (La Plana 1337mt)


Kodes mendilerroa  Araba eta Nafarroaren arteko mugan dago kokatua eta hango gailurrik garaiena Joar 1416mt (Ioar, Yoar edo Yuar ere) da. Araba zein Nafarroa aldeko isuriek igoaldi eta hegaldi paregabeak egiteko aukerak eskaintzen dituzte. Ondoren aurkezten dudan txangoak bi isurialdeak zeharkatzen ditu oinez zein hegan, Kanpetzun hasi eta amaitzen da zirkulu bat osatuz. Aipatu bezala, mendilerro honek eskaintzen dituen aukerak askotarikoak dira eta txango hau adibide bat besterik ez da. Ezin aipatu gabe utzi mendilerro honetako Araba aldeko isurian  kokaturik dagoen Uxanuri–Genevillako aireratze gunea. Beste batean sakonduko dugu gune horri buruzko informazioan.
Oharra: Track-an agertzen den Kanpetzutik Joarrerako oinezko bidean adi!! Zati handi bat basoan zehar aldapa malkartsu eta markatu gabean igo nuen. Abisatuta beraz ;)


Powered by Wikiloc

2017-06-26

Ufff!! LURRERATZEA

USURBE menditik hegaldi ederrak egin daitezke baina... kontuz! ez da ahaztu behar lurreratzea inguru urbano batean egiten dela, horrek izan ditzazkeen arriskuekin (kableak, bideak, etxeak...).
 Adibide eta ohar bezala irudi hauek doazkizue. Ipar haizea espero baino indartsuago sartu zen bailaran, beherunzko haize korronte batek ere harrapatu ninduen eta ez zidan utzi lurreratze gunera iristen (Ordiziako errugbi zelai ohira). Beraz lurreratzea inprobisatu behar.
Pilotu dexente ezagutzen ditut hegaldi hau egiterakoan lurreratzea inprobisatu behar izan dutenak, beraz adi.





Hemen Usurbeko hegaldi bat behar den tokian lurreratuz :

2017-05-17

ISTORIO HARRIGARRIA!!


Australia 2007, munduko txapelketa. Ewa Winsnierska pilotu alemaniarra entrenamendu saioetan zebilela, ekaitz batek xurgatu eta 15 minututan 9.947metroetaraino igo zuen (8000 mt. desnibela 15 minututan!!). 6000 metrotatik gora zihoala, konortea erabat galdu zuen. Adituen ustez, konorte galera hori gorputzaren defentsa erreflexu bat izan zen, hibernazio moduko bat edo. Ordu bat inguru eman zuen konortea erabat galduta, txingorra, tximistak, oxigeno falta eta minus 30 gradutako tenperatura jasanez. Harrigarria bada ere, bizirik atera zen esperientzia hartatik.
Dokumentala frantsesez dago, baina merezi du: 
 

2017-05-09

MURUMENDI (868mt)

Gozamena da herritik bertatik oinez abiatu eta mendi buelta bat emanez hegan bueltatzea herrira.
Usurbe mendiak eskaintzen digu aukera hori goierritarroi, baina ez da mendi bakarra. Murumenditik probatzeko gogoa nuen, txango berean bi tontorrak kateatuz. Nahiz eta haize-termika baldintzak nahiko justukoak izan, lur-arraseko hegaldia eginez (Murumendi-Usurbe) lortu nuen zirkulua ixtea. Hemen irudiak:

Powered by Wikiloc

2017-05-07

PUTREEKIN

Nork lurra azkena zapaldu!!
Jolas gureaz zebiltzan putreak arratsalde horretan. Batzuk lotsagabe samar ere, esango nuke nik.
Ikusia zegoen, beraiek airean segitzen zuten bitartean, ni izan nintzen lehena erortzen.
Afizionatuak gu.  Erronka onartzea ere… 



2017-04-20

AIZKORRI (II) 1523mt

Aizkorritik egindako hegaldietan, iparrera beti Zegaman lurreratu izan naiz eta hegora Urbia aldean. San Adrian inguruan lurreratu gabe nengoen eta probatzeko gogoarekin hurbildu nintzen bertara. Baldintza onak daudenean Aloña edo Krutzeberri bertatik ere Aizkorri-Aratz mendi lerro guztia zeharkatu izan dute hainbat hegalari trebeek. Egun honetan hegan egiteko baldintzak justuak ziren eta hegaldia ezin izan nuen gehiegi luzatu, baina beti bezala, gozamena da Aizkorri-Aratzen mendi txangoa eta hegaldia egitea.



Powered by Wikiloc

2017-03-11

ERREGULAZIOAK 2017

SAI ZURIA (alimoche)

UGATZA (Quebrantahuesos)






1.NAFARROA eskalada , parapente... erregulazioa 2017
http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2017/44/
 
132/2017 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, kirol jarduerak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko zenbait harkaiztitan.
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 1. artikuluak dio foru lege horren xedea dela Nafarroako naturgune guztiak arautzea, horien babesa, kontserbazioa eta hobekuntza bermatzeko, eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarea eratzeko. Hamaikagarren artikuluak debekatzen du natura erreserbetan kirol antolatuak egitea etakanpatzea.

2017-01-30

LARRUNARRI / TXINDOKI (1346mt)

Urteroko legez, urte berri egunean Txindokin izan ginen. Urtea hegan hasteko aukera eman zigun egunak. To hegalditxoaren irudiak:



2017-01-29

ALTUERA ARALARKO SAN MIGELEN


Sakanan, hego haizearekin hegan egiteko aukera nagusietako bat da Aralarko San Migel. “Hegaldirik ez izerdirik gabe” esanari jarraituz, Uharte Arakil herritik abiatzen den oinezko igoera ederrak (800mt positibo San Migelera) asebeteko du  mendizale hegalaria.
Aralarko San Migelen egin ditudan hegaldietatik, altuera gehien hartu dudan eguna izan zen honako hau. Termika eta hego haize indartsuek 2500 metrotara igo ninduten. Bada 3000metroak ere gainditu izan dituenak. Hona hemen hegaldiaren iruditxo batzuk:



                                                                                           Argazkia internetetik
Garaiera hauetan gabiltzala, galdera hau egiten diot neure buruari. Ze altueratan pasatzen dira hemen ingurutik Loiun edo Hondarribian lur hartu behar duten hegazkinak??? 
Kezka hori aitzaki hartuta, aire eremuen erregulazioen inguruan sakondu nahi duenarentzako bi link uzten ditut.  Motorrik gabeko hegaldien erregulazioaren gaia ulertzea ez da  oso erraza, besteak beste, dokumentazioa nahiko sakabanaturik dagoelako.

-Vuelo_libre (Gaztelaniaz)
-Aire eremuak EARTH (fitxeroa deskargatzeko) 

San Migeleko hegaldia azteruz, ondorio hauetara iritsi naiz: