2019-09-19

GORBEIA 1482mt.


Gorbeia mendi tontorrak Araba eta Bizkaia artean muga egiten du eta bi herrialde horietako mendirik garaiena da.
Oraingo honetan lau mendi-hegalari elkartu ginen (Urtzi, Josu, Enaitz eta ni neu), Saldropo hezeguneko aparkalekutik tontorrera igo eta hegan bueltatzeko asmoz.
Oinezko ibilbideak 7 km inguru eta 900mt desnibel positibo ditu, eta bide ederra da.
Hegaldiari dagokionez, ebidente edo logikoena iparrera hegan egitea da, hau da, Bizkaia aldera, hego aldeko isuria asko etzaten baita. Baino nork daki... baldintza oso zehatzetan posible litzateke hego alderako hegaldia... agian.
Egun honetako nondik norakoari dagokionez, abiatzerakoan kezka nagusia Araba aldeko isurian zeuden trumoi laino sendoak ziren, baina... nola izaten diren gauzak, tontorrera iritsi ginenerako jada deseginda zeuden eta bitarte horretan gure bizkarraldean sortzen joan zen laino barra bilakatu zen kezka nagusia.
Arin ibili ginen dena estali aurretik eta, ozta-ozta bada ere, hegaldi ederra egitea posible izan zen.
 
 

2019-09-10

BERIAIN 1493mt (Hegoa)


Nafarroako Sakana eskualdeko tontor hau Euskal Herrian dagoen mendi estetikoenetako bat da zalantzarik gabe. Ihurbain (1420mt) tontorretik hasita luzatzen da mendizerra, itsasontzi erraldoi baten moduan, eta ipar zein hego aldeko mendi-magal luzeek hegaldirako oso aproposa egiten dute mendi hau.

Ipar magalean urte osoan egin daiteke hegan, baina hego magalean habi garaian (udaberrian), uztailera arte, ezin da hegan egin.

Arbizuko ekokanpinetik abietzen da txangoa.  Zortzi kilometro eta 1000mt desnibel ditugu tontorrera arte. Leku paregabea H&F erako!!




2019-09-03

ADARRA (819mt)

Gipuzkoako Buruntzaldean dago Adarra mendia, Urnieta eta Andoain artean. Igotzeko bide aukera asko ditu, baina ohikoena eta motzena Basabi auzotik ateratzen dena da. Kostatik hurbil dagoen mendia denez, arratsaldeetan kostako brisak baldintzatuko du hegaldia. Lurreratzeari dagokionez, Basabiko lurreratze eremua ez zitzaidan oso aproposa iruditu. Muinoz inguraturik dago eta haizea bixi dabilenean erraz errotorizatuko da leku hori. Altuerarekin joanez gero, hobe Xoxoka auzoko zelaien batean lur hartzea (beti bezala eta ahal bada, ganadua eta bazka luzea dagoen zelaiak ekidituz).