#32. Herniozabal 1011mt

 Hernio mendian egiten diren hegaldi gehienak, hego isurian egiten dira. Aspaldian genuen begiz jota Herniaozabal (1011mt) tontorrak ipar isuri aldera, hau da, Alkiza herri aldera orientaturik zuen belarditxo edo aireratze gune posiblea.

Hegaldi egunean ipar haize xuabea zebilen eta ozta-ozta mantendu zitekeen mendiaren erliebean. Haize gehixeagorekin, Hernio gurutzera joan etorrian ibiltzeko aukera eskaintzen du mendi kateak.

Hernialde herritik abiatu ginen oinez eta bertara bideratu genuen hegaldia.

Ohartxo bat lurreratze guneari buruz. Iparra bixi sartzen den egunetan posible da Uzturre-Hernio arteko kanalak venturi efektua indartzea eta beraz Hernialde bertan lur hartzerakoan adi ibili. Herria kaskoan egonda, zaildu egin daiteke lur hartzeko maniobra.

Txangoaren luzera 5.2 km eta 692 mt+ Hernialdetik Herniozabalera.
















Powered by Wikiloc

#31. Malkorri. 1329mt

Aralarko tontorrekin jarraituz, oraingo honetan Malkorrira (1329mt) joango gara. Bertara heltzeko Ataungo Domoa zeharkatzen duen bidea jarraitu eta Aralegi baserri ingurutik abiatko gara oinez. Txangoaren luzera 6.7 km eta desnibela 750 mt+ tontorrera arte. Aireratzea hegora eta lurreratzea Enirio-Errekabeltz inguruetako zelaitxoan egin daiteke arazorik gabe.



Powered by Wikiloc

#30. GAÑETA 1323 mt (Aralar)

Gañetara oinez heltzeko, Zaldibiako Olakosaroi atseden lekutik abiatuko gara. Txangoaren luzera 6 km eta desnibela 875 mt+ tontorrera arte. Aireratzeko I,H zein M? aireratzea posible da. Zalantzak zalantza,  hegaldi honetan iparrera aireratu eta ia haizerik gabe Alotza inguruko lautada planeoan igarotzea posible izan zen. Lur hartzeari dagokionez, ohartxo bat: Olakosaroiko zelaitxoa kaxko batean dago eta iparra bizi sartzen denean pazientziarekin hartu behar da lur hartzea, kosta egiten da-eta altuera galtzea.



Powered by Wikiloc

#29. ARRUBI 1318 mt (Aralar)

 Arrubi edo Arrubigaina Aralar erdialdean dagoen tontorra da. Abaltzisketako Larraitz auzotik bi-hiru ordutan iritsiko gara tontorrera (6.5km 920mt+). Aireratzeko I, IE edo E norabideko haizeak izango dira egokienak. Larraitzerako hegaldia Txindoki eta Larraone artean dagoen Muitzeko zintzur gainetik egingo dugu. Kontuan izan behar da haizearen abiadura indartu daitekeela zintzur gainean, venturi efektuaren eraginez.

 











Powered by Wikiloc

#28. UDALAITZ 1120mt

 Udalaitz edo Udalatx mendiak (1120mt) hegaldirako hainbat aukera eskaintzen ditu.  Aireratzeko leku erosoena hego isuri aldera dagoen belarditxoa izan daiteke. Igoera bide ugari daude; oraingo txangoa Udala auzotik (479mt) abiatutzen da. Guztira 2.5km eta 550mt desnibel positibo tontorrera arte. Lurreratzeko bada zelaitxo bat Udalako parking gainean. Kontuz ganadua baldin badago (lur sail partikularra da), eta egun termiko  eta haizetsuetan pentsatzekoa da lurreratzea desorosoa izango dela, Udala auzoa kaxkoan geratzen baita. 
Hegaldi horretan bidelagun izan nituen Takolo, Tornos eta Txiki. Kanpazarretik egin zuten oinezko bidea eta hegaldia beste alderantz bideratu zuten, Elorrio edo Anboto azpira edo auskalo nora ;)



Powered by Wikiloc

#27. Txamantxoia 1941mt

 Txamantxoia mendia  Belagua eta Anso bailara artean kokartuta dago (Maze izenez ezagutzen da Anso haranean). Oinezko txangoa, Belagua bailaratik abiatuta, 6.5km eta ia 1000mt desnibel paositibo dira tontorrera arte. Hegaldiari dagokionez, bi bailaretara aireratzeko aukera ematen du mendiak. H&Ferako mendi paregabea da Txamantxoia. Kontuan hartzeko ohartxo bat: Larra natura-erreserba denez, hegaldian  erreserbaren muga perimetroa errespetatu behar da.

 















Powered by Wikiloc

#26. SAKANAKO HIRU HANDIAK

Uharte Arakil herritik abiatzen da txangoa. Oraingoan Unai Aizpuru bidelagun, lehendabizi Aralarko San Migelera igo ginen (6km 800+) eta bertatik aireratu goizeko hego haize leuna baliatuz. Lurreratzea Uharte Arakilgo AC gune ondoan dagoen zelaian egin genuen. Bertatik abiatzen da Beriain-San Donato bigarren tontorrerako bidea (5km 1000+). Beriaindik iparrera eta hegora aireratzeko aukera dugu (udaberrian hegora aireratzea debekatuta dago hegaztiengatik). Ekialdetik sartzen zen haize zakarra leundu zain egon ginen, hegora aireratzeko. Lizarraga herri gaineko zelaian lur hartu ondoren, hirugarren eta azken tontorra geratzen zitzaigun, Baiza (6km 600+). Baiza tontorrera iristerako jada ipar haizea sartzen hasia zen, perfekto! Aireratu eta eguna nahiko termiko zegoenez, arazorik gabe iritsi ginen txango amaierara, hau da, Arbizuko kanpinera. Guztira oinez 17-18 km egiten dira eta 2400 mt desnibel positibo. Aralar, Andia eta Urbasa hiru mendi zerrak eta bertako hiru tontor lotzeko Sakanak eskaintzen duen txango ederra da hau.















1. Uharte Arakil - San Migel

                  

Powered by Wikiloc
 

 2. Uharte Arakil - Beriain

                  

Powered by Wikiloc
 

  3. Lizarraga herria - Baiza

                  

Powered by Wikiloc

#25. Mirutegi (1167mt) eta Baio (1197mt)

Oinezko txangoa eta hegaldia MIRUTEGI eta BAIOra Durrumatik abiatuta. 

Entzia mendi zerrako bi tontor hauen arteko magala, aproposa da hegaldirako haizeak mendebal aldetik jotzen duenerako.

Lur hartzeko leku aproposa da Durrumako futbol zelaitxoa ;)



Powered by Wikiloc



 EH Oinez & Hegan 2021 (Topaketatak + Txapelketa)

Pandemiak pandemia, aurten "Oinez&Hegan topaketak" ospatu ahal izan dira.  Baiza, Gorobel eta Iparair parapente taldeek antolatutako topaketa horien helburua izan da "oinez&hegan" jardueran ibiltzen den jendea elkartu eta elkarrekin ikastea. Beti ere, txapelketa batek sor dezakeen presiotik at.
Hiru topaketa egin dira: lehena Sakana/Agurain aldean, bigarrena Orozkon eta hirugarrena Sakanan berriz ere. Hiru topaketak giro bikainean oso ondo atera ziren.
Topaketa horien ostean, Euskal Herriko 4. Oinez & Hegan Txapelketa ere burutu ahal izan da. Aurten Gorobel parapente taldeari egokitu zaio proba antolatzea, EAKFaren laguntzarekin. Proba Urduñan ospatu zen. Probaren antolakuntza bikaina izan zen eta oso ondo atera zen.
Beraz, adi mendizale hegalariok, aurtengoa ikusita ziur egon gehiago etorriko direla. 
Hemen jarduera guzti hauen irudi bildumatxoa, nonbait jasota gera daitezen.
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Euskal Herriko III. oinez eta hegan txapelketa / Intzidentzia


Euskal Herriko III. Oinez eta Hegan Txapelketa pasa den larunbatean ospatu zen Aretxabaletan, eguraldi bikainak lagunduta. Antolakuntza benetan ona egin zuen Amillena taldeak, EAKFren babesarekin.

#24. ARRANOAITZ 875mt (Oamendi-Arripillaeta)

Aizkorri parean, iparrerantz, hainbat tontorrez osaturiko mendi bizkar bat bada.  Arranoaitz 875mt da kordal honetako tontorrik garaiena. Goiz pasa abiatu ginen Hilario laguna eta biok mendi-bizkar honek hegaldirako eskaintzen dituen aukerak aztertzeko asmoz. Oamendi-Arripilleta tontor inguruetan brisa aktibatu zain egon ondoren aireratu ginen. Aireratze gune garbiak ditu eta orientazio egokiena ekialderakoa da.
Bertara oinez igotzeko hainbat aukera daude: Brinkolatik, Zegamatik, Zerain zein Seguratik... eta bide motzena Barbari auzotik.
Hegaldi laburra ateratzen bada, Barbari auzoan bertan lurreratzeko aukera ere badago. Aldiz, meteo baldintzak egokiak badira (IE-E haizeak eta egun termikoa) Aizkorri mendi zerrarekin bat  egin eta hegaldi politak atera daitezkeela iruditzen zait.
Aizkorriren itzalpean, mendi bizkar xume bezain dotorea.













Powered by Wikiloc

Euskal Herrian oinez&hegan (I) bilduma

Hemen Euskal Herriko mendietan egindako txango eta hegaldien (lehen) irudi bildumatxo bat.
Mendi tontor gehiagotatik hegan egin ahala joango gara bilduma osatzen, edo, bilduma aitzakia hartuta, joango gara mendi tontor gehiagotatik hegan egiten.
Aturritik Ebrora bitarteko mendi eta zeruak zain ditugu.

Sarrerako musika Juan Mari Beltarnena da eta bideoa janzten duen "Gavarnie" abestia Eneko Dorronsororena. Mila esker abestiengatik!

 
 
 

 

#23. BAITZA 1182mt (x2)

Nafarroako Sakana eskualdean dago Baitza, Baiza edo Maiza tontorra, Urbasako mendi zerran. Urbasako isuri honetako tontorrik garaiena da eta bertaratzeko hainbat aukera daude, Iturmendi, Bakaiku, Lizarraga herrietatik abiatuta, besteak beste.Txango eta hegaldietarako leku paregabea da Sakana eskualdea eta maiz ikusi ohi dira parapenteak bertako zeruetan. Aralarko San Migelekin batera, Baiza tontorretik gertu dagoen Santa Marina baselizatik aireratzen dira eskualde honetan parapente ia gehienak.
Lekuak hegaldirako duen garrantzia ikusita, aurrerago Santa Marinari buruzko “post” bat publikatu beharko dut.
Txango eta hegaldi hau egiteko, Lizarraga herritik abiatu nintzen Baizara ( ordu bat eta erdi tontorrera) bertatik aireratu, Iturmendin lur hartu eta berriro oinez Baizara ( bi ordu azpitik tontorrera). Bertatik aireratu eta Lizarragara, zirkulua itxiz.
Hegaldiei dagokienez, haize baldintzak xuabeak ziren eta hegaldiak ere lasaiak izan ziren, hori bai, Baizatik Iturmendi aldera joatea gehiago kostatzen da beste aldera baino, gehienetan haizeak hor kontra egiten baitu. Azpian txangoaren irudiak eta krokisa ;)



Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc

#22. AIZKORRI (III) 1523mt

Aizkorri – Aratz parke naturala mendi hegaldietarako etxe ondoan daukagun beste altxor eder bat da.

Meteoaren iragarpenei erreparatuta, bazirudien egunean bertan Aizkorriko bi isuri aldeetara hegan egitea posible izango zela, horrela bada, San Adrian inguruetara  hurbildu ginen egunak zer zekarren ikustera.

Lehen hegaldian ipar haizea bazebilenez,  mendi-hegalean ibiltzeko aukera egon zen.
Hego isuriko hegaldia aldiz, laburra atera zen, hego mendebaleko haize leuna berandu sartu zen eta.

Hemen txango eta hegaldiaren nondik norakoak:




Powered by Wikiloc


#21. GORBEIA 1482mt.


Gorbeia mendi tontorrak Araba eta Bizkaia artean muga egiten du eta bi herrialde horietako mendirik garaiena da.
Oraingo honetan lau mendi-hegalari elkartu ginen (Urtzi, Josu, Enaitz eta ni neu), Saldropo hezeguneko aparkalekutik tontorrera igo eta hegan bueltatzeko asmoz.
Oinezko ibilbideak 7 km inguru eta 900mt desnibel positibo ditu, eta bide ederra da.
Hegaldiari dagokionez, ebidente edo logikoena iparrera hegan egitea da, hau da, Bizkaia aldera, hego aldeko isuria asko etzaten baita. Baino nork daki... baldintza oso zehatzetan posible litzateke hego alderako hegaldia... agian.
Egun honetako nondik norakoari dagokionez, abiatzerakoan kezka nagusia Araba aldeko isurian zeuden trumoi laino sendoak ziren, baina... nola izaten diren gauzak, tontorrera iritsi ginenerako jada deseginda zeuden eta bitarte horretan gure bizkarraldean sortzen joan zen laino barra bilakatu zen kezka nagusia.
Arin ibili ginen dena estali aurretik eta, ozta-ozta bada ere, hegaldi ederra egitea posible izan zen.
 
 

Powered by Wikiloc

#20. BERIAIN 1493mt (Hegoa)


Nafarroako Sakana eskualdeko tontor hau Euskal Herrian dagoen mendi estetikoenetako bat da zalantzarik gabe. Ihurbain (1420mt) tontorretik hasita luzatzen da mendizerra, itsasontzi erraldoi baten moduan, eta ipar zein hego aldeko mendi-magal luzeek hegaldirako oso aproposa egiten dute mendi hau.

Ipar magalean urte osoan egin daiteke hegan, baina hego magalean habi garaian (udaberrian), uztailera arte, ezin da hegan egin.

Arbizuko ekokanpinetik abietzen da txangoa.  Zortzi kilometro eta 1000mt desnibel ditugu tontorrera arte. Leku paregabea H&F erako!!



Powered by Wikiloc

#19. ADARRA (819mt)

Gipuzkoako Buruntzaldean dago Adarra mendia, Urnieta eta Andoain artean. Igotzeko bide aukera asko ditu, baina ohikoena eta motzena Basabi auzotik ateratzen dena da. Kostatik hurbil dagoen mendia denez, arratsaldeetan kostako brisak baldintzatuko du hegaldia. Lurreratzeari dagokionez, Basabiko lurreratze eremua ez zitzaidan oso aproposa iruditu. Muinoz inguraturik dago eta haizea bixi dabilenean erraz errotorizatuko da leku hori. Altuerarekin joanez gero, hobe Xoxoka auzoko zelaien batean lur hartzea (beti bezala eta ahal bada, ganadua eta bazka luzea dagoen zelaiak ekidituz).


Powered by Wikiloc

#18. JURRAMENDI (1045mt)


Nafarroan, Lizarra-aldean kokatuta dagoen  mendi bakarti hau, hegaldirako aukera izan daiteke Euskal Herriko erdi eta ipar isurian lainoak eta lanbroak uzten ez dutenean. 
Jurramenditik aireratzeko aukera gutxi daude eta ipar edo ipar-mend. haizearekin aireratzeko aukera hobea da hegoarekin baino.
Txango honetan, Iratxeko monastegitik  oinez tontorreratu ondoren, hegorantz aireratu behar izan nuen (haize leunaren norabideak horrela agintzen bait zuen), hegaldi lasaian, mahastiez inguraturik dagoen Iratxera bueltatuz. 




Powered by Wikiloc

Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa


Larrano parapente taldeak iaz Elorrion antolatu zuen txapelketaren lekukoa hartu du aurten BAIZA  parapente taldeak, eta ekainaren 29an Sakanan ospatuko den ‘Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa’ antolatuko du.

Txapelketan parte hartuko duten kirolariek oinezko ibilaldia eta parapente hegaldia uztartuko dituzte; beraz, pilotu bakoitzak erabili ahal izango dituen baliabide bakarrak bere oinak eta parapentea izango dira.

‘Hike & Fly’  probek esfortzua, estrategia eta hegaldi librea jorratzen dituzte.

Txapelketa Arbizuko ekokanpinetik abiatuko da eta parte hartuko duten kirolariek Beriain edo/ eta Baiza edo/eta Santa Marina tontorretara joan beharko dira oinez edo korrika eginez.
 
 
Tontorrera heldu ondoren, parapentea kokatu, aireratu eta Arbizuko kanpin inguruan kokatuko den gunean lurreratuko dira. Ondoren, korrika edo oinez sartu beharko dira inguruan egongo den helmugara.





#17. LARRUN (900mt)

Lapurdi - Nafarroa
Mendi ederra zein estetikoa.
Igoera aukera asko dituen mendia da. Ikusi mendikat larrun
Hegaldiak iparrera, ekhialdera eta hegora egiteko aukerak eskaintzen ditu.
Egun honetan hego haizea zegoenez, Bera herriko Lizuniaga mendatetik igo eta hegoruntz burutu nuen hegaldia.
Pena da tontor honek pairatzen duen turismo masifikazioa eta dirudienez larriagotu daitekeena, 2020rako dagoen egitasmoa burutzen badute./larrunezHunki/

 


Powered by Wikiloc