Euskal Herriko III. oinez eta hegan txapelketa / Intzidentzia


Euskal Herriko III. Oinez eta Hegan Txapelketa pasa den larunbatean ospatu zen Aretxabaletan, eguraldi bikainak lagunduta. Antolakuntza benetan ona egin zuen Amillena taldeak, EAKFren babesarekin.

Proban egin beharreko ibilbidea hauxe zen:

Aretxabaletatik Kurutzebarrira oinez igo eta bertan sinatu; Kurutzebarritik hegan atera eta Orkatzategin lehen baliza airez puntuatu; handik Atxabaletan bigarren baliza airez ere puntuatu eta Urkulu urtegian lurreratu; parapentea bildu eta bertan sinatu ondoren, oinez Atxabaletan helmugaratu. Proba erakargarria paraje zoragarrian.


Probaren nondik norakoari dagokionez, Kurutzebarrin aurretik aireratu ginen ia gehienok “pintxatu” egin genuen eta atzetik zetozenak izan ziren podiumean lehenak. Horrek egiten ditu proba hauek erakargarri: abantaila izan daiteke aireratze gunera aurrena iristea, edo ez. Termikak noiz aktibatzen diren, non egon daitezkeen, zein hegaldi ibilbide aukeratu,.. hegan ondo egitea askotan oinez azkar iristea baina garrantzitsuagoa izan daiteke. Zorionak Gorka Tornos irabazleari eta podiuma osatu zuten Enaitz Eizagirre eta Jon Iriarte “Takolori”.

Goiena IRUDIAK
                             __________________________________________________


Nik intzidentzia txiki bat izan nuen airean, eta hor bukatu zen nire proba.

Intzidentzia hori zergatik gertatu zen, gaizki hartutako erabakiak eta ondo hartutakoak atalez atal  azalduko ditut:



1. Erabakia: Aire ibilbidea.
Aitor Oianguren zihoan probaren buru, eta ni haren atzetik. Orkatzategira  hurbiltzen ari zela, bere parapentea asko jaisten ari zela ikusten nuen, eta “honek ezingo dik baliza puntuatu” esan nion neure buruari. Beraz, egoera berean bukatu nahi ez banuen, ibilbidea aldatu beharra nuen. Hiru aukera ikusten nituen: atzera buelta eta altuera gehiago hartzen saiatu; bailarara ireki eta termikaren bat topatzen saiatu; eta, azkenik, aurrera eskubirago  jarraitu eta ekialdera orientaturik dagoen muino bat hartzen saiatu. Une oro jakitun nintzen haizea ekialdetik zetorrela, eta gune hori, gutxiago edo gehiago, haizebe edo “sotabentaturik” egongo zela. Baina hirugarren aukera hau probatzea erabaki nuen.



 2. Parapentearen maneiua:
Jakitun nintzen gune hori errotorizaturik egon zitekeela; hala ere, parapentea azeleraturik neraman topera eta, hori gutxi balitz, A bandak pixka bat “pikatuz” nindoan abiadura gehixeago irabazteko.  Lehen akatsa: leku ezegonkor batean ez da komeni parapentea tope azeleratuta eramatea, are eta gutxiago A bandak pikatuz joatea!! 
3. Intzidentzia airean: 
Arriskua bazegoen eta azkenean tolesdura gertatu zen. Irudiak aztertuz, tolesduraren sekuentzia horrela ikusten dut nik:
 a) Ezkerreko aldean TOLESDURA ASIMETRIKOA  gertatu da.
 

b) Irekitzera egiten du, baina oihala abailduz doanez, bigarrena jo du alde berean.
 



























 c) Tolesduren eraginez, parapenteak 270º biratu du.
 













d) Badirudi oihalak egonkortu nahi duela, baina bere onera etortze horretan, azken tolesdura txiki bat jo du, oraingoan eskuin aldean.

Eskuineko sokak kaskoan trabatu zitzaizkidan, eta berez frenu kolpe batzuekin askatu beharko luke tolesdurak, baina "gorbata" askaezina bihurtu zen.
 














4. Intzidentziaren bigarren zatia.
Hemen hasten da inzidentziaren unerik esanguratsuena.
Tolesdura oihalaren eskuineko aldean, "gorbata" moduan soketan trabatuta. Horrez gain, eskuineko suspenteak edo sokak kaskoan trabatuta.


Burua eskuineko soketan trabatuta + gorputzaren pisua eskuinaldean + tolesdura eskuin aldean + eskuineko eskua suspenteak libratu nahian eta ezkerreko eskua kaskoa soltatu nahian = parapentea espiralean edo autorrotazioan sartu zen.

Gorputza trabaturik egongo ez balitz, pisua oihalaren alde irekira bideratu eta ezkerreko frenuari gutxinaka eraginez espiraletik ateratzea egongo litzateke.


5. Paraka  
Soka edo suspente batzuk libratu nituen baina ez denak, eta lurraren gertutasuna ikusita paraka botatzea erabaki nuen. Autorrotazio inkontrolatuan eta lurretik gertu, ez izan zalantzarik eta paraka bota beti!!
Erorian nindoala ez zidan parapentea biltzeko astirik eman, are eta gutxiago "beamer 3"aren mandoak eskuratzeko. Erorketa tasari dagokionez, onargarria izan zela esan dezaket. Paraka (Beamer 3 rogalloa), nire hegaldi pisua baina %30 gehiago eramateko homologatua dago. Paraka handia izatearen alde ona da erorketa tasa baxua dela, eta alde txarra haize fuertea baldin badago, deriba luzeagoa izango dela.

6. Ondorioak:
 *Ahal bada ekidin sotabentoak.
 *Aire eremu nahasietan ez eraman parapentea topera azeleratuta (are gutxiago A bandak "pikatuz").
 *Ez erabili kasko ertzadun ezta ere kamara edo soporterik kasko gainean.
 *Intzidentzia serioa bada eta lurretik gertu bazaude, bota paraka beldurrik gabe!! 

Helburu didaktikoarekin egindako post bat da azaldutakoa.
Europako hainbat  aire federaziok kirol honetan izaten diren istripu zein intzidentziak ikertu eta   informazioa zein ondorioak datu base batean jasotzen dituzte.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina