Gipuzkoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Gipuzkoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

#32. Herniozabal 1011mt

 Hernio mendian egiten diren hegaldi gehienak, hego isurian egiten dira. Aspaldian genuen begiz jota Herniaozabal (1011mt) tontorrak ipar isuri aldera, hau da, Alkiza herri aldera orientaturik zuen belarditxo edo aireratze gune posiblea.

Hegaldi egunean ipar haize xuabea zebilen eta ozta-ozta mantendu zitekeen mendiaren erliebean. Haize gehixeagorekin, Hernio gurutzera joan etorrian ibiltzeko aukera eskaintzen du mendi kateak.

Hernialde herritik abiatu ginen oinez eta bertara bideratu genuen hegaldia.

Ohartxo bat lurreratze guneari buruz. Iparra bixi sartzen den egunetan posible da Uzturre-Hernio arteko kanalak venturi efektua indartzea eta beraz Hernialde bertan lur hartzerakoan adi ibili. Herria kaskoan egonda, zaildu egin daiteke lur hartzeko maniobra.

Txangoaren luzera 5.2 km eta 692 mt+ Hernialdetik Herniozabalera.
















Powered by Wikiloc

#31. Malkorri. 1329mt

Aralarko tontorrekin jarraituz, oraingo honetan Malkorrira (1329mt) joango gara. Bertara heltzeko Ataungo Domoa zeharkatzen duen bidea jarraitu eta Aralegi baserri ingurutik abiatko gara oinez. Txangoaren luzera 6.7 km eta desnibela 750 mt+ tontorrera arte. Aireratzea hegora eta lurreratzea Enirio-Errekabeltz inguruetako zelaitxoan egin daiteke arazorik gabe.



Powered by Wikiloc

#30. GAÑETA 1323 mt (Aralar)

Gañetara oinez heltzeko, Zaldibiako Olakosaroi atseden lekutik abiatuko gara. Txangoaren luzera 6 km eta desnibela 875 mt+ tontorrera arte. Aireratzeko I,H zein M? aireratzea posible da. Zalantzak zalantza,  hegaldi honetan iparrera aireratu eta ia haizerik gabe Alotza inguruko lautada planeoan igarotzea posible izan zen. Lur hartzeari dagokionez, ohartxo bat: Olakosaroiko zelaitxoa kaxko batean dago eta iparra bizi sartzen denean pazientziarekin hartu behar da lur hartzea, kosta egiten da-eta altuera galtzea.



Powered by Wikiloc

#29. ARRUBI 1318 mt (Aralar)

 Arrubi edo Arrubigaina Aralar erdialdean dagoen tontorra da. Abaltzisketako Larraitz auzotik bi-hiru ordutan iritsiko gara tontorrera (6.5km 920mt+). Aireratzeko I, IE edo E norabideko haizeak izango dira egokienak. Larraitzerako hegaldia Txindoki eta Larraone artean dagoen Muitzeko zintzur gainetik egingo dugu. Kontuan izan behar da haizearen abiadura indartu daitekeela zintzur gainean, venturi efektuaren eraginez.

 











Powered by Wikiloc

#28. UDALAITZ 1120mt

 Udalaitz edo Udalatx mendiak (1120mt) hegaldirako hainbat aukera eskaintzen ditu.  Aireratzeko leku erosoena hego isuri aldera dagoen belarditxoa izan daiteke. Igoera bide ugari daude; oraingo txangoa Udala auzotik (479mt) abiatutzen da. Guztira 2.5km eta 550mt desnibel positibo tontorrera arte. Lurreratzeko bada zelaitxo bat Udalako parking gainean. Kontuz ganadua baldin badago (lur sail partikularra da), eta egun termiko  eta haizetsuetan pentsatzekoa da lurreratzea desorosoa izango dela, Udala auzoa kaxkoan geratzen baita. 
Hegaldi horretan bidelagun izan nituen Takolo, Tornos eta Txiki. Kanpazarretik egin zuten oinezko bidea eta hegaldia beste alderantz bideratu zuten, Elorrio edo Anboto azpira edo auskalo nora ;)



Powered by Wikiloc

#22. AIZKORRI (III) 1523mt

Aizkorri – Aratz parke naturala mendi hegaldietarako etxe ondoan daukagun beste altxor eder bat da.

Meteoaren iragarpenei erreparatuta, bazirudien egunean bertan Aizkorriko bi isuri aldeetara hegan egitea posible izango zela, horrela bada, San Adrian inguruetara  hurbildu ginen egunak zer zekarren ikustera.

Lehen hegaldian ipar haizea bazebilenez,  mendi-hegalean ibiltzeko aukera egon zen.
Hego isuriko hegaldia aldiz, laburra atera zen, hego mendebaleko haize leuna berandu sartu zen eta.

Hemen txango eta hegaldiaren nondik norakoak:




Powered by Wikiloc


#19. ADARRA (819mt)

Gipuzkoako Buruntzaldean dago Adarra mendia, Urnieta eta Andoain artean. Igotzeko bide aukera asko ditu, baina ohikoena eta motzena Basabi auzotik ateratzen dena da. Kostatik hurbil dagoen mendia denez, arratsaldeetan kostako brisak baldintzatuko du hegaldia. Lurreratzeari dagokionez, Basabiko lurreratze eremua ez zitzaidan oso aproposa iruditu. Muinoz inguraturik dago eta haizea bixi dabilenean erraz errotorizatuko da leku hori. Altuerarekin joanez gero, hobe Xoxoka auzoko zelaien batean lur hartzea (beti bezala eta ahal bada, ganadua eta bazka luzea dagoen zelaiak ekidituz).


Powered by Wikiloc

#16. SALINGAIN - UZKUITI (Aralar)


Aralar bihotzean egindako txango eta hegaldiaren irudi zein tracka  hemen.
Asmoa Salingain (1322mt) tontorretik aireztatu eta Arritzaga bailaratik bueltatzea zen.
Bertan aireratu orduko haize fluxu laminar indartsuak ez ninduen aurrera egiten uzten eta hegaldia bertan behera utzi nuen  haizebeari (sotavento) ihesiz.
Uzkuitira (1332mt) igo eta bere bizkarretik egi nuen bigarren saiakera. Haizeak indarra galdua zuen apur bat eta azeleragailua sakatuz atera nintzen bailara honenetatik Larraitzko lurreratze gunerantz.
Negu hasiera honetan ere, urrez koloreztatutako Aralar beti bezain dotore.


Powered by Wikiloc

#12. AGAOTZ (974mt)


AGAOTZ- SASTARRI
Ataungo Urkillaga (500mt) mendatetik abiatu eta Sastarriko tontorrera eta kobara ibilalditxoa egin  ondoren,  Agaotz (974mt) menditik abiatu nintzen hegan berriro Urkillaga mendatera.
Haizea hegotik suabe goran eta Urkillaga mendatean jada iparra sartuta zegoen.
Baldintza horietan, lur-arraseko hegaldia beraz.
Hegaldirako nolako parajeak diren eta ze baldintzak dauden ikusteko gogoa nuen.
Txango polita Ataungo paraje eder hauetan.
Powered by Wikiloc

#11. GANBO 1413mt (II)

Piztia gehienak hibernazioan.
Kolonizazioak utzitako azken arrastoak elurpean.
Animalia domestikorik gabe.
Aralar, bake bakean, negu hotzean ere eder.

Larraitzetik habiatzen da txangoa Ganbo tontorrera arte. Bueltako hegaldia kasu honetan Txindokiko bizkarretik Muitzetik burutu nuen, horretarako Arritzaga eta Muitze arteko lepoa (ozta-ozta) gurutzatuz.


Powered by Wikiloc

#10. TXINDOKI (1346mt) irudi bilduma

 %100 TXINDOKI

Larrunarri edo Txindoki  mendia gogoko dut. Agian Euskal Herriko mendi esanguratsuen artean etxetik gertuen daukadan mendia delako. Baina ez hori bakarrik, Larraitzetik abiatu eta 900mt desnibel positibo daude tontorrera, uffaaa!

Asteburuetan eguraldi onarekin mendi masifikatua izan daiteke, baina bakardadean lasai igotzeko aukerak badaude, besteak beste, Muitze aldeko bidetxotik igota. 
Mendebaldeko ertz zoragarriaz gain, eskaladarako zailtasun askotariko bide ederrak daude, hego paretan gehientsuenak http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/txindoki.html. Eta ez hori bakarrik, mendiko hegaldiak egiteko ere aukera paregabeak eskaintzen ditu Larrunarri-Txindokik. 
Bere forma piramidalak, hainbat norabidetan aireratzeko aukerak ematen ditu. 
Dena dela, aireratze gune erabiliena Egurral lepo gaineko malda izan ohi da.
Lurreratzeari dagokionez, ohikoena  Larraitz auzoan lurreratzea da. 
Honen inguruan, ahal bada ez lurreratu belarra luze dagoen zelaietan ezta ere ganadua dagoen barrutietan ;)

Txindokiko hainbat igoera eta hegaldietan hartutako irudiez osatutako bideoa hemen.  
Ea gustuko duzuen.

Powered by Wikiloc

Udazkeneko bainua (Ordizia)

Bazkari on bat postrerik gabe ez omen da bazkari osoa. Hegaldi honi postrea ez zitzaion falta izan.
Hego haizea indarra hartzen joan zen hegaldian zehar. Lurreratze gunea nahiko errotorizaturik zegoen eta  hori gutxi balitz, futbol partida hasi berria zen zelaian.
Horrelakoetan erabakiak arin hartu behar dira… eta B plana igerilekuaren zelaitxoan lurreratzea izan zen. Lurreratze nahiko teknikoa. Beno azkenean lurreratzea baino “urreratzea” gertatu zen.
Nolako haize baldintzak zeuden ikusirik, balekoa jokaldia.
Barkamena Majori kiroldegiari igerilekua modu honetan erabiltzeagatik ;)




Ufff!! LURRERATZEA

USURBE menditik hegaldi ederrak egin daitezke baina... kontuz! ez da ahaztu behar lurreratzea inguru urbano batean egiten dela, horrek izan ditzazkeen arriskuekin (kableak, bideak, etxeak...).
 Adibide eta ohar bezala irudi hauek doazkizue. Ipar haizea espero baino indartsuago sartu zen bailaran, beherunzko haize korronte batek ere harrapatu ninduen eta ez zidan utzi lurreratze gunera iristen (Ordiziako errugbi zelai ohira). Beraz lurreratzea inprobisatu behar.
Pilotu dexente ezagutzen ditut hegaldi hau egiterakoan lurreratzea inprobisatu behar izan dutenak, beraz adi.





Hemen Usurbeko hegaldi bat behar den tokian lurreratuz :

#7. MURUMENDI (868mt)

Gozamena da herritik bertatik oinez abiatu eta mendi buelta bat emanez hegan bueltatzea herrira.
Usurbe mendiak eskaintzen digu aukera hori goierritarroi, baina ez da mendi bakarra. Murumenditik probatzeko gogoa nuen, txango berean bi tontorrak kateatuz. Nahiz eta haize-termika baldintzak nahiko justukoak izan, lur-arraseko hegaldia eginez (Murumendi-Usurbe) lortu nuen zirkulua ixtea. Hemen irudiak:

Powered by Wikiloc

PUTREEKIN

Nork lurra azkena zapaldu!!
Jolas gureaz zebiltzan putreak arratsalde horretan. Batzuk lotsagabe samar ere, esango nuke nik.
Ikusia zegoen, beraiek airean segitzen zuten bitartean, ni izan nintzen lehena erortzen.
Afizionatuak gu.  Erronka onartzea ere… 



#6. AIZKORRI (II) 1523mt

Aizkorritik egindako hegaldietan, iparrera beti Zegaman lurreratu izan naiz eta hegora Urbia aldean. San Adrian inguruan lurreratu gabe nengoen eta probatzeko gogoarekin hurbildu nintzen bertara. Baldintza onak daudenean Aloña edo Krutzeberri bertatik ere Aizkorri-Aratz mendi lerro guztia zeharkatu izan dute hainbat hegalari trebeek. Egun honetan hegan egiteko baldintzak justuak ziren eta hegaldia ezin izan nuen gehiegi luzatu, baina beti bezala, gozamena da Aizkorri-Aratzen mendi txangoa eta hegaldia egitea.



Powered by Wikiloc

#5. LARRUNARRI / TXINDOKI (1346mt)

Urteroko legez, urte berri egunean Txindokin izan ginen. Urtea hegan hasteko aukera eman zigun egunak. To hegalditxoaren irudiak:



#3. AIZKORRI (I) 1523mt

Txango honetan Zegama herritik atera eta Aizkorrira igo ondoren, lehen hegaldia Urbia aldera egin nuen, Oltzan lur hartuz. Ondoren berriro Aizkorrira igo eta bigarren hegaldia Iparreruntz Zegamaraino zirkulua itxiz.


Powered by Wikiloc

#2. GANBO (1413mt)

Aralarko bihotzean dago Ganbo (1413mt) eta nahiz eta lurreratze gune ezberdinetatik itxuraz urruti egon, posible da bertatik adibidez Larraitzera hegan bueltatzea. Kasu honetan hegorantz aireratu ondoren,  Arritzaga  bailararantz biratu (ip.) eta lur-arraseko hegaldia eginez Larraitzera erraz iritsi nintzen. Hau adibide bat besterik ez da. Baldintza termikoetan, distantzia (xc) egiten duten pilotuek etekin gehiago aterako liokete hegaldi honi, ziur. 



Powered by Wikiloc